Nire oharmenaren ilunabarretan entzuten haut.
Hilik hengoela uste nian bardo.
Benitok esan zidan aditu hinduela,
Altabizkarko Kantua kantatuko al didak niri ere
Edo mingaina moztearen beldur haiz?
Nik ere faltan botatzen diat iraganeko guduen epika,
Orreagara begira jarraitu behar al diagu?
Ez diagu etsiko Gartxot, kantatuko diagu guretik.
Joandako eresien bila jarraituko diagu,
Herri zapalduen kantuek
berdin ditek odoletik nola maitasunetik.
Bihar ikusiko diagu infernuan elkar, giristinorik gabeko lurralde askean,
Nik ez diat inongo zerurik laket.
Basatiaz kantatuko diagu harro albokaren doinuak lagun.
Isuritako malko bakoitzak elikatzen dizkik gure kantuak
Mikelot bizirik zegok gugan.
Isildu nahi izan ziaten herriaren ahotsa,
Hire kantuen egarri izan gaituk ordutik, bardo.
Urtu dira berriro Elkorretako elurrak,
Harrien negarra haizeak darama
Zaraitzuko ibarretan barna…